Urte hasiera bakoitza hausnartzeko, helburu berriak ezartzeko eta geure buruaren bertsio hobetu baterantz urratsak emateko aukera da. Zure asmoen artean ariketa gehiago egitea, beste hizkuntza bat ikastea edo antolatuagoa izatea badago ere, ohikoa da denborarekin motibazioa murriztea eta helburu horiek ahanzturan geratzea. Hala ere, zure errutinan doikuntza batzuk eginda eta ikuspegi errealistagoa izanda, zure asmoek urte osoan irautea lor dezakezu. Hemen dituzu zure eguneroko errutinan urte berriko asmoei eusteko gako batzuk.
1. Ezarri helburu zehatzak, betetzeko modukoak direnak
Helburuak behar bezain argiak edo lortzeko modukoak ez izatea da askok beren asmoak alde batera uzteko arrazoietako bat. “Sasoian egon nahi dut” esan beharrean, ezarri helburu zehatzak, hala nola “egunean 30 minutuko ariketa egitea, astean hirutan”. Helburu argiak edukita, askoz errazagoa izango da zure aurrerapena neurtzea eta jarraitzeko motibatuta sentitzea.
2. Helburu handiak urrats txikietan banatu
Erraza da itota sentitzea helburuak handiegiak badira. Adibidez, zure asmoa diru kopuru handi bat aurreztea bada, banatu helburu txikiagoetan, hala nola “hilero 100 € aurreztea”. Helburua lorgarriagoa izateaz gain, pixkanaka nola egiten duzun aurrera ikustearen poza ere ematen dizu horrek.
3. Zure asmoak eguneroko errutina bihurtu
Helburu bati eusteko, zure eguneroko errutinan txertatu behar da. Zure helburua liburu gehiago irakurtzea bada, jarri 15 minutu goizero edo gauero, irakurtzeko. Osasungarriago jan nahi baduzu, planifikatu zure otorduak aldez aurretik, eta eskura izan beti aukera osasungarriak. Ohitura txiki horiek zure eguneroko bizitzan sartzeak automatiko bihurtzen ditu.
4. Izan malgua eta beharraren arabera doitu
Konstantea izatea garrantzitsua den arren, malgua izatea ere garrantzitsua da. Bizitzak askotan gure asmorik onenak eten ditzake, eta, beraz, ez duzu gaizki sentitu behar egunen batean zure helburua betetzen ez baduzu. Adibidez, egun batean ezin baduzu ariketarik egin, dena utzi beharrean, berrantolatu zure astea. Malgutasunak lagunduko dizu oztopoak sortzen direnean norabidea ez galtzen.
5. Egin jarraipena eta ospatu lorpenak
Gorde zure aurrerapenen erregistroa libreta batean, zure telefonoan edo jomugen jarraipena egiteko aplikazio espezifiko baten bidez. Nola egin duzun aurrera ikusteak motibazioa mantentzen lagunduko dizu. Gainera, ez ahaztu zure lorpenak ospatzea, txikiak izan arren. Hileko helburua edo astea zintzo bete baduzu, sari txiki bat jasotzeak ohitura indartuko du eta aurrera jarraitzera animatuko zaitu.
6. Inplikatu beste pertsona batzuk
Zure asmoak lagunekin edo senideekin partekatzea motibatuta egoteko modu bikaina da. Zure helburuen antzekoak dituzten pertsonekin talde bat ere osa dezakezu, elkarri laguntzeko.
7. Berrikusi zure asmoak aldian behin
Urteko lehen eguna une egokia da zure helburuak ezartzeko, baina garrantzitsua da, halaber, aldian behin nola doazen berrikustea. Hilero edo hiru hilean behin egin dezakezu, komeni zaizunaren arabera. Berrikuspen horietan, hausnartu zer lortu duzun eta zer hobetu behar duzun, eta egokitu zure helburuak, beharrezkoa bada. Berrikuspen horrek ikuspegia mantentzen eta zure ahaleginak egokitzen lagunduko dizu.
8. Ez etsi estropezuengatik
Azkenik, garrantzitsua da gogoratzea dena ez dela primeran aterako. Egun batzuetan ezin izango dituzu zure asmoak bete edo huts egin duzula sentituko duzu. Zigortu beharrean, izan atsegina zeure buruarekin. Estropezuak prozesuaren parte dira, eta garrantzitsuena aurrera egitea da.
Urte Berriko asmoei eusteak ez du zertan zaila izan. Helburuak argi edukita, malgutasunez jokatuta, etengabeko jarraipena eginda eta besteen babesarekin, zure helburuak errealitate bihur ditzakezu. Gogoratu arrakasta ez dela soilik azken emaitzaren arabera neurtzen, baizik eta zure helburuak lortzeko jartzen duzun etengabeko ahaleginaren arabera. Nahi duzun guztia lortzeko aukera da urte hau!